2012 - 2013 ikasturtean LHko 4. mailako ikasleekin burututako Tangram jarduera

Aurreko ikasturtean bezala, 2012 - 2013 ikasturtean DBHko 3. mailako ikasleek Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleekin Tangram jarduerak burutu dituzte berriro ere. LHko 4. mailako Matematika Tailerrean Tangram jokoa lantzen dutela aprobetxatuz, eta gure klaseetan prestatu genituen diseinuetan oinarrituz, bost egunetan zehar burutu ditugu jarduera hauek, egun bakoitzean LHko 4. mailako talde batekin. Jarduera hauen helburua LHko 4. mailako ikasleek gaiaren oinarrizko ezagutzak eskuratzea izan da. Jarduera hiru gune desberdinetan egin da, eta gune bakoitzean, DBHko ikasle talde bakoitzak, txandaka antolatuta, LHko ikasleekin jarduera hauek burutu ditu:

  1. Tangram jokoekin DBHko ikasleek egindako irudiak eta beste batzuk eraikitzea.
  2. Tangram jokoaren piezak koloretako kartoi meheetan moztea eta beste kartoi mehe batean itsatsiz irudiak sortzea.
  3. Interneten bitartez Tangram jokoa erabiltzea eta figurak sortzea.

DBHko ikasleek, gune guztietan, Tangram jokoaren ezaugarriak azaldu dizkiete LHkoei. Saio bakoitzean LHko 4. mailako talde batek parte hartu du, beraz, gune bakoitzean LHko 8 - 9 ikasle egon dira DBHko ikasle talde bakoitzarekin.

Hona hemen jarduera hauetako argazki batzuk:
tangram_jarduera_2012-2013_1.JPG
tangram_jarduera_2012-2013_2.JPG
tangram_jarduera_2012-2013_3.JPG
tangram_jarduera_2012-2013_4.JPG
tangram_jarduera_2012-2013_5.JPG
tangram_jarduera_2012-2013_6.JPG
tangram_jarduera_2012-2013_7.JPG
tangram_jarduera_2012-2013_8.JPG
tangram_jarduera_2012-2013_9.JPG
Esperientziaren balorazioa oso positiboa izan da parte hartu dugun guztion aldetik, bai LH eta DBHko ikasleen aldetik, bai irakasleen aldetik. Espero dugu aurrerantzean antzerako esperientziak burutzen jarraitu ahal izatea. Hauek dira parte hartu dugunon iritziak:

“Tangram jokoa geometria lantzeko umeentzat ona dela bagenekien eta Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei laguntza ematera joan gara. Burutu dugun jardueraren ostean, dibertigarria ere badela pentsatzen dugu, beraz, esperientzia hau hurrengo urteetarako errepikagarria dela deritzogu. Jarduera hauetan umeek tangram jokoaren teknika desberdinen bitartez geometria ongi landu dute, eta guk tangram gaia guztiz menperatzea lortu dugu. Lehen Hezkuntzako ikasleekin egotea dibertigarria eta ona izan da.”

Gabirel Arrasate, Maite Gil, Usue Monge eta Asier Susaeta. DBHko 3. mailako ikasleak

“Tangram jokoak umeen ikusmen pertzepzioa hobetzeko baliagarria izateaz gain, hauen irudimena, fantasia eta espazioaren pertzepzioa ere hobetzen ditu. Gurekin egon direnean, umeek tangram jokoaren aukera guztiak kontuan izan eta figurak eraiki dituzte. Esperientzia hau guretzako oso ona izan da Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleekin ongi pasatu dugulako. Bertan izan genituen irakasleak ikusi eta haiekin hitz egiterakoan, oroitzapen onak eta txarrak etorri zaizkigu burura. 4. mailako ikasleekin lan egiterakoan gu horrelakoak ginela gogoratu dugu.”

Asier Albalá, Gontzal Garamendi, Mikel García eta Imanol Menika. DBHko 3. mailako ikasleak

“Ikas arlo desberdinetan ibilaldi edo irtenaldi ugari egin dugu, baina esperientzia hau ez da ibilaldi bat bezalakoa izan, gauza gehiagorako balio izan digu. Lehen Hezkuntzako eraikina berriro bisitatu dugu eta izan genituen irakasleak ikusi ditugu. 4. mailako umeen lagunak egin ginen eta guk beraiei eta beraiek guri irakatsi digute. Gune desberdinetan egindako ariketen ondorioz, guk eurei irudimena, ikus pertzepzioa, arrazonamendu logikoa, koordinazioa eta ikus memoria lantzen lagundu diegu. Geometriako kontzeptu batzuk ere irakatsi dizkiegu, triangelu eta karratu motak eta hauen ezaugarriak besteak beste. Beraiek guri eurekin nola portatu eta harremandu behar dugun irakatsi digute.

Esperientzia honek etorkizunerako asko balioko digu, hobeto harremantzeko… Errepikatzeko esperientzia da !!!”

Iker de la Rua, Ander Fernández de Larrea, Jon Molinos eta Jokin Ramos. DBHko 3. mailako ikasleak

“Ikasturte honetan burutu dugun esperientzia joan den ikasturtekoa baino hobeto atera da. Aurreko esperientziak hobetzeko aukera eman digu eta hori oso ongi aprobetxatu dugu. Lehen Hezkuntzako 4. mailako talde bakoitzarekin saio bat izateak jardueraren atal guztiak lasaitasun handiagoz burutzeko aukera eman digu. LHko Matematika Tailerreko irakasleek prestatu duten azpiegitura bikaina arrakastarako faktore eragilea izan da. DBH eta LHko ikasleen arteko hartu emana zoragarria izan da. Bigarren saiotik aurrera DBHko ikasleek modu autonomoan burutu dute jarduera, eurak arduratu dira LHko ikasleak bideratzen eta ariketa desberdinak aurrera ateratzen.

Era honetako esperientziak ikasleentzat oso positiboak direla uste dut, bai ikasle nagusi zein gazteentzat. Euren harremanak sendotzen dira, ikasteko beste modu batzuk lantzen dituzte eta errealitatea beste perspektiba batetik ikusteko balio die ikasleei. Etapa desberdinetako irakasleak elkarrekin lan egiteari buruz gauza bera esango nuke. Gotzon eta Saioarekin lan egitea niretzako oso aberasgarria izan da. Eskerrik asko.”

Jonan Gomez. DBHko 3. mailako Marrazketa Teknikoa arloko irakaslea.

“DBHko neska mutilekin oso esperientzia ona bizi izan genuen pasa den astean. Horrelako esperientzia gehiago izan nahi ditugu, asko ikasten delako eta ondo pasatzen dugulako. Hiru jarduera desberdin egin genituen ordenagailuekin, ikasgelan eta jolasten. Gainera geometria pieza gehiago ikasi genituen.”

Kalare Jauregi eta Ainhoa Solbiati. LH 4.A

“Joan den asteartean DBHko ikasle batzuk etorri ziren eta Tangramari buruzko jarduera batzuk egin genituen. Esperientzia oso ona izan zen. Oso ondo pasatu genuen, gure irakasle izango balira bezala izan zen. Esperientzia errepikatzea gustatuko litzaiguke.”

Itsaso Garatea eta Uxue Toja. LH 4.B

“Pasa den asteazkenean DBHko neska-mutil batzuk Tangram jolasa erakustera etorri ziren. Guretzat maisu oso onak izango lirateke, oso dibertigarriak ziren eta asko lagundu ziguten. Oso ondo pasatu genuen eta berriro etortzea gustatuko litzaiguke.”

Madalen López eta Neskuts Telletxea. LH 4.C

“Pasa den astean DBHko ikasle batzuk etorri ziren Tangrama erakustera. Hiru zatitan banatu ziren. Batzuk ordenagailuekin, beste batzuk piezekin eta azkenak paperezko piezak kartoi mehean itsasten. OSO ONDO PASATU GENUEN !!!”

Joseba Orbe eta Unaz Unzueta. LH 4.D

“Ostiralean DBHko ikasleak Tangrama erakustera etorri ziren. Hiru txoko egin zituzten, bat gelan, bigarrena kanpoan eta hirugarrena ordenagailuekin. Azkenean argazki bat atera genuen. Oso dibertigarria izan zen eta primeran pasatu genuen.”

Ariana Molinos eta Loinaz Plazada. LH 4.E

“Tangram jardueren esperientzia oso positiboa izan dela esango genuke. LH eta DBHko ikasleek burutu dituzten esperientziak Tangram jokoa izan dute oinarri, baina beste hainbat aspektu lantzeko balio izan digu denoi:
  • Maila desberdinetako ikasleen arteko komunikazioa bultzatzeko.
  • Ikasleen arteko laguntzan oinarritutako hezkuntza lantzeko.
  • Elkar laguntzaren garrantziaz jabetzeko.
  • Ikasle nagusien autoestimua garatzeko.
  • Ikasle txikiek nagusiak eredu bezala ikusteko.
  • Tangram jokoaren inguruko interesa pizteko.
  • Elkarrekin proiektu berriak egiteko irakasleen grina pizteko.

Proiektu interesgarri eta baliagarria izan da. Gainera oso giro polita sortu da parte hartu dugun guztion artean. Azkenik, eskerrak ematen dizkiegu guregana hain gogo onez hurbildu ziren DBHko ikasle guztiei eta baita Jonan irakasleari ere. Mila esker !!!”

Gotzon Arrasate eta Saioa Guarrotxena. LHko 4. mailako Matematikako irakasleak.

Behean, Gotzonek prestatutako aurkezpena ikus dezakezu. Eskerrik asko Gotzon !!!

TANGRAM on PhotoPeach